Sentitu duzu noizbait bihotz hautsia?
Kolpetik hautsia?
Bai?
Seguru?
Orduan nabaritu duzu arnas falta.
Lausotu zaizu begirada
eta baita ikusmira ere.
Erori zaizkizu besoak,
indarrik gabe
eta han geratu dira zure eskuak
belaunetatik behera,
zure bizkar okerraren zintzilikario atsekabetuak.
Uzkurtu zaizu urdaila
azukre ttantta bat ere kabitzen ez uzteraino.
Ikusi duzu zure arima,
lurrean,
ia lurpean,
arrastaka,
zugandik urruntzen,
beregana joan nahian.
Eta bihotza ere bai,
bularretik atera nahian lauhazka,
lehertu arte.