Belisario eta Sahim


Igande goizean ikusi nituen. San Markostik Zamalbiderako bidean nindoan motoarekin eta maldan gora zetozen. Bat baxua eta zabala, bestea altua eta argala. Bat heldua eta zuria, bestea gaztea eta bikea baino beltzagoa. Eta hala ere aita semeak dira.

Ez zuten izenik eta izenak eman nizkien. Sahim gordeta nuen. Ez zeraman nirekin aste bete ere. Nonbait gaizki entzundako izen bat zen. Gustatu eta gorde egin nuen, baina azkar aurkitu dut beretzako jabea.

Gizon helduak berriz, bere neurriko izena behar zuen. Gutxi entzuna, baina dotorea. Jeneral erromatar baten izena. Bere bizitzaren jenerala izateko gai den gizona. Bere buruaren jabe, inori konturik eman beharrik ez duena. Askea. Sistematik at mugitzen dena. Eta biko banda baten burua.

Poltsa bat zeraman Belisariok eskuan. Bertan, auskalo zer. Segur aski goizeko errekolta. Tipula pare bat, tomate pare bat, dozena erdi patata, lau sagar, bi udare eta oilasko bat ere bai beharbada. Ez gehiegi. Baserritarren batek faltan botako ez duen zerbait, baina bientzako pare bat egunerako janaria.

Profesionalak dira. Lapur profesionalak. Bere lehenengo araua: ni ez naiz hemen egon. Abilak dira bere lanean. Berdin lapurtzen dute, baratza bat, bitxitegi bat edo eliza bateko sakristia. Bere premia baino handiagoa duena bakarrik dago beraiengandik salbu eta ez dute inor uzten beraiek daudena baino okerrago.

Ez dakit oraindik non bizi diren. Oraingoz nire buruan. Beharbada laister etxe berri bat egiten hasiko naiz. Hitzezko eta paperezko edo tinta elektronikozko etxea. Zorte pixka batekin han bizi nahiko dute, bere moduko beste batzurekin.


Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.