Ilargia erori da


Ipuia da noski, baina ez hemengoa, Aragoi alde edo beste atzerri alde hoietakoa, han izaten bait dira holako aleak. Ez dut uste Euskal Herri aldean inoiz holako astakeririk gertatuko zenik. Hala ere, badira bai gure baserri mutil jatorrei zernahi astakeri ezartzen dizkietenak. Hala eta guztiz ere, hau hainakorik bai ote?

Ilargia erori da

Hodeirik gabeko gau izartsu bat zen. Aragoi aldeko basetxe arlote hoietako baten atarian, tutean ala brixkan ez dakit, baina jokoan behintzat, alkarri sosak nola lapurtuko ari omen ziren arratsalde ezkero bertako Milindres, inguruko Kolindres eta auzoko Simeon, beti prakak bustiak izaten bait zituen.

Gorputzez meharrak, kaxkarrak, baina bai asto galantak. Irakurtzen eta jakintza gaietan ez ezer ere galdetu. Batez baino gutxiago dira. Baina jokoan eta biraoak esaten batez ere, bai nagusi.

Bataiatuak ote ziren ere… Mmmm. Filiskornua jota ere ezin astakirten haundiagorik aurkitu.

Halako batean, hor gogoratzen da Milindres, ikuiluan dagoen astoa, bera baino txikiagoa (oso ziren lagun) bezpera gaua ezkero urik edan gabe zegoela eta honela dio:

– Erremila ta kamamilla! Eta baniak astoaren bila! Honezkero ito ez bada, gizarajoaren ahoa kalabozoan dagoen kintoaren alpargata baino lehorrago zegok!

– Hoa, bai –dio Kolindresek– eta eman ura lasai, ardoa baino merkeago zegok eta.

– Baina kontuz hortzak bigundu eta mingaina herdoitu gabe –dio Simeonek.

Honelako isekak entzunaz badoa Milindres, astoa sokatik eta balde haundi bat eskuetan duela, ura ateratzen duten putzuzulo sakonera.

Eta ura ateratzeko bere burua makurtu zuenean, zer iruditzen zaizue ikusi zuela Milindresek putzuaren barruan? Ba, gau izartsu eta zoragarri hartan zeruan aurkitzen zen ilargi partsu eta bete-betearen irudia.

Guztiz kezkaturik eta laisterka hor doa bere lagunengana. Iritsi zenean honela esan zuen:

– Ederra egin diagu, nork esan!

– Baina, zer gertatzen zaik pandero horituaren aurpegi horrekin?

– Zera… ba… ba…

– Babarruna?

– Ez motel, ez. Okerragoa oraindik. Ilargia erori dela.

– Ilargia erori dela? Gezurzulo, ez besteren gezurzulo.

– Gezurzulo? Ez, ez. Putzuzulo! Etorri, etorri nerekin ikustera.

Eta han doaz hirurak Milindres aurretik dutela.

Iritsi zirenean honela esan zuten Kolindres eta Simeonek:

– Arranoa! Eta egia duk!

– Eta nola erori ote da hori honera?

– Zera, han goian dantzan edo hasiko huen eta txonkatilla okertu edo… Hain xuxen honera erori.

– Eta zer ote dira aurpegian dituen tanto hoiek?

– Hoiek? Ospelak.

– Ospelak aurpegian? Hi ez hago ondo.

– Eta hortz-haginak? Zer iruditzen zaizkizue?

– Han goian bizi zen artean makina bat langosta eta langostino jana izango duk hori.

– Orain ordea ez dik langosta eta langostino jaten lanik izango. Hoien ordez ezkaluak jan beharrean izango duk.

– Eta zertara etorri ote duk hori honera?

– Kontribuzioak kobratzera etorri bada behintzat, balihoake paperak hautsi era etorri den bidetik. Non eta paperak ezik kalabaza antzeko aurpegi hori ere hautsita joan nahi ez duen.

Honela jardun ziren une batzuetan. Bai gizon azkar eta jakintsuak zirela hirukote hau. Hauen ondoan, han inguruko lar muturrak janez zebilen, eta bezpera gaua ezkero urik edan gabe zegoen astoa, batxiler zela kontu!

Halako batean honela esan zuen Milindresek:

– Tira mutilak, nahiko berriketa egin diagu eta zerbait egin behar genuke hori hortik ateratzen saiatzeko. Alkateak jakiten badu, gure errua dela esateko kapaz izango duk, eta kartzelan sartuko gaitu gure bizi guzirako.

– Eta nola eta zerekin aterako dugu guk hori hortikan?

– Hemen daukagun balde haundi honekin.

– Ea ba, mutilak, hasi gaitezen.

Baldeari soka luze bat lotu diote eta bota dute putzura, eta halabeharrez edo, hor trabatu da baldea putzuaren barruan aurkitzen den burdin adar batekin.

Tiraka hasi direnean, tenk eta tenk, baina guztia alferrik.

– Arranoa! Eta astuna duk! –dio Kolindresek.

– Diruz betea ote dago? –galdetzen du Simeonek?

– Hik zer uste duk, hori eltxetxua dela edo zer?

– Nere osaba ere ez duk eltxetxua, baina diru pila ederra badik.

– Ezkondua ote da?

– Hala bada lasaitasun ederra senarrarentzako.

– Eta neskazarra baldin bada?

– Ateratzen zailagoa oraindik.

– Zergatik diok hori?

– Berearekin atera nahiko duelako.

Azkenean Milindresek haserreturik:

– Oraintxe aspertu naiz zuen berriketekin eta egin dezagun beste saio bat.

Bigarren aldiz sokari heldu diote, baina alferrik.

– Baina zer gertatzen da hemen? –dio Milindresek–. Euli kakak janez eta xixarien hezurrak txupatuaz bizi al zarete ala zer? Tira dezagun denok batera eta sendo.

– Hori, hori, denok batera eta sendo –diote aho batez Kolindres eta Simeonek.

– Bat, bi, hiru eta lau

Bai sendo tira ere! Soka hautsi eta han doaz hirurak zilipurdika.

Hartutako taupadaz, Milindres batez ere, korderik gabe zegoen.

Lurrean etzanda une batzuk egon ondoren eta bere onera etortzen hasi zirenean, eta begiak irekirik, zeruan beti bezain eder ilargia ikusi zutenean, honela esan zuen Milindresek.

– Begira mutilak, guk emandako bultzadaz begira noraino bota dugun.

– Ba, dagoela han goian, berriz honera etorri gabe guri honelako kezkak eta buruhausteak ematera.

Eta zerbait haundia egin zutelakoan harro-harro zeuden. Ikuiluko astoa baino harroago, gau hartan ere ilargia zela eta ez zela urik edan gabe gelditu bait zen.

Osaba Joxe Marik kontatzen omen zion nere aitari eta bere anai arrebei.


Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.