—Ezetz esan dizut, Hugo. Ez dizut utziko inor hiltzen.
—Delia, emakume hori oso arriskutsua da. Berak bai, hil ditu bat baino gehiago. Entrenamendua dauka eta mendeku grinak gidatzen du. Nik ez badut harrapatzen, ez du inork egingo.
—Ezetz esan dut, Hugo. Eta nire azkeneko hitza da.
—Ikusten duzu ikusten ari naizena, ezta?
Hugo Portaletas aldera begira dago. Lanbroa da nagusi, baina κ-nanoek hobetutako bistari esker, arkuetako baten azpian emakume baten perfila ikus dezake. Eta perfil horretan, errebolber baten kanoia eta honen mira ere bereiz ditzake emakumearen izter parean. Eskubiraxeago begiratuta, udaletxe aldetik beste emakume bat datorrela ere ikusten du. Emakume ilegorri bat, gaztea oraindik, baina aurpegi txartua. Pentsakor dator.
—Bai, Hugo, ikusten dut —Hugok ere senti dezake bere buru barruan Deliaren ahotsaz gain, honen tamala.
—Ez banauzu askatzen, hil egingo du.
—… —Deliak ez daki zer erantzun.
Udaletxe aldetik datorren emakumeak Palmira izena du. Deliak ezagutzen du. Behin Oiartzunen ikusi zuen eta berekin hitz egin ere bai. Geroztik Hugorekin hizketan ikusi du behin baino gehiagotan. Badaki bere izeba salbatzeko ze katramilatan ibili den. Badaki, baita ere, Hugo nola txoratuta dagoen emakume horrekin. Badaki bere sentimentuetan nolako kontraesanak sortu dituen. Eta badaki, halaber, Hugok inor hiltzea nahi ez badu, dudarik gabe ez duela nahi arkupean dagoen emakume horrek inor hiltzea ere.
—Besterik ezean —Hugoren pentsamenduak sartu dira berriz Deliaren diskursoan—, nirea bezalako eskarmentu bat eman geniezaioke, ez?
Hori ez zaio hain ideia txarra iruditu Deliari.
—Ados —esan du eta κ-nanoen bidez paralizatuta zeukan Hugoren gorputza askatu du.
Palmira Itsas-Etxearen parera iritsi da eta Hugok arkupean dagoen emakume ilehoria mugitzen ikusi du. Bera ezkutatuta dagoen toki aldera dator, dudarik gabe Itsas-Etxearen atzealdetik pasa, Palmira harrapatu eta amenazu bidez bere etxera eramateko. Han… Han auskalo zer egiteko.
—Zure eskuineko besaurrean —entzun du Hugok bere buruan.
Suge bat bezain isil atera da babesten duen arrantza sare pilaren atzetik eta errebolberra eskuan daraman emakume ilehoriak ez du nabaritu ere egin Hugok atzetik arma eskuarekin heldu dion arte. Emakumearen erreflexua katua zapaltzea izan da, baina kolpekariak Hugok berariaz tartean sartu duen behatz lodia besterik ez du harrapatu. Jaso duen zimikoak ez dio Hugori bere helburua galarazi eta ez du arma askatu.
Bere besaurrean orratza moduko κ-nanoz osatutako metalezko kono bat dauka. Mutur batean ez ditu nanometro batzuk besterik eta beste aldean hiru milimetro inguru. Luzean hamar bat zentimetro. Emakumeak bere erasotzaileari aurre egiteko bira eman duenean, Hugok orratza lepotik gora sartu dio. Itziar Lukinek begiradan zeraman gorroto guztia, lehenik harridura eta gero hutsune bihurtu da, orratza ezkerreko begiraino iritsi zaionean.
Bere eskuak oraindik goranzko keinu bat egin du tiro egiteko esperantzaz, baina orratza desegin da jada bere buru barruan eta κ-nanoek bere burmuinaren kontrola hartu dute. Kaiaren ertz-ertzean geratu da zutik pare bat segundu eta ondoren atzerantz erori da, pare bat metro beherago toldo batek estalitako txalupa batera.
Bere azken begiradak bi gauza besterik ez ditu hauteman: Hugo kaiaren ertzean makurtuta berari begiratu ondoren zutitu eta alde egiten eta zeruaren erdian lainoen artetik azaldu den ilargi laurdena.
—Orain zure esku geratzen da —esan dio Hugok Deliari, bere etxeko sotoko atea ireki nahian dabilen Palmirari begira.
—Ados. Nere kontu —entzun du bere buruan azkenekoz Deliaren ahotsa—. Zaindu emakume hori. Uste dut merezi duela.