Antzu

Aizpitarte, azken izotzaldiaren amaieran.

–Ama! Antzu umea egiten hasi da!
Ama eta Otsoko kobazulora itzuli ziren, Amon eta Otzan zeuden txokora. Otzan, Amaren alaba eta Otsokoren arreba, haurdun zegoen eta umaminetan hasi orduko amari dei egitera bidali zuen Amonek Otsoko, Otzanek lehen ere galduak baitzituen zenbait ume. Horregatik deitzen zioten Antzu, Otzan neska gazteari, umerik izan ezin zuelako.
–Oraindik ilargi bat geratzen zaio, ordea –esan zion Amak Amoni, iraz eta larruz egindako ohantzean aieneka zegoen neskari begira. Haitzuloaren sarrerako suak, Amonen begi lausotuak argitu zituen burua altxa zuenean.
–Otzan ez dun besteok bezalakoa –esan zuen Amonek–. Ezin dizkin umeak barruan eduki.
–Baina orduan galdu egingo al du berriz ere?
Amonek Otzanen sabel gainean jarri zuen esku bat. Bestea, berriz, izerdiz diz-diz egiten zuen kopetean jarri zion.
–Uste dinat oraingoan atera daitekela, baina azkar lan egin behar dinagu –esan zuen Amonek zutituz.
–Baina zer egin dezakegu, bada? Zain egoteaz gain?
–Hi hemen geratuko haiz Otzani laguntzen. Nik lan egin behar dinat. Eta Otsokok lagundu behar zidan.
–Zer egingo duzu, Amon?
–Badakin zer egiten dinen Otsok, nere semeak, hire gizonak, ehizera joan aurretik? Haitzuloaren barruan orduak pasatzen ditinanean?
–Bai. Animaliak marrazten ditu, ehiza ona izan dadin.
–Halaxe dun. Otsoko! Hoa ur bila, Otzanek beharko dik eta.
Mutikoa lurrezko ontzi bat hartu eta ziztuan atera zen haitzulotik. Amon bere ohantzea zuen tokira abiatu zen:
–Guk ere marrazki bat egin behar dinagu, bada.
Larru zati bat atera eta Otsok gordeta zeuzkan ontzitxo batzuk jarri zituen bertan. Otsoko urarekin itzuli zen.
–Eraman amari –esan zion Amonek– eta gero gerturatu egur mordoska bat. Su eder bat behar dik piztirik sar ez dadin.
Mutikoak haitzuloaren beste aldetik besakada bat egur ekarri eta sutondoan utzi zuen. Sua bizitzeko dozena erdi bat adar bota zizkion eta Amonen aginduetara jarri zen berriz ere.
Amonek larru zatia eta Otsoren ontziekin fardel bat osatua zuen eta Otsokori eman zion.
–Hartu hau kontuz eta bota gabe.
Otsokok haurra balitz bezala besoetan hartu zuen fardela eta Ama eta Otzanengana gerturatu zen. Otzanen aieneak lehen baino ozenagoak ziren eta Amak pikotxean jartzen lagundu zion. Bitartean Amonek gantzez betetako ontzi batean gar bat hartu zuen eta haitzuloaren goikaldeko tximinietako baterantz abiatu zen.
–Goazemak, Otsoko.
Biak kontuz-kontuz tximinia irristakorrean gora abiatu ziren. Amon aurretik argiarekin eta Otsoko atzetik fardelarekin. Aurrean paretetako hezetasunak Amonek zeraman garraren argia isladatzen zuen eta atzetik Otsokori bere arrebaren intziriak iristen zitzaizkion, gero eta urrunago, baina baita gero eta lazgarriago ere.
Tximinia estutzen zihoan heinean Amoni gero eta gehiago kostatzen zitzaion aurrera egitea. Ezin zuten lau hanketan gehiago aurrera egin. Etzan beharra zuten.
–Lagundu egin behar didak Otsoko. Hire eskubian txoko bat zegok. Utzi fardela bertan eta lagundu neri. Bultz egin behar diak tarte hau pasatzeko.
Esan bezala egin zuen Otsokok eta bere laguntzaz Amonek tarte estua pasa zuen eta haitzulo berri zabalago batera iritsi zen. Otsoko atzera itzuli zen fardelaren bila eta bera, hain txikia izanik, aisa pasa zen estugunetik. Beste aldean Amon zutik zegoen bere zain.
Haitzulo berri hark hiruki itxura zuen. Alde batean zaldi batzuk zeuden marraztuta eta bi gizonen irudiak haien atzean. Hirukiaren beste bi aldeetatik tximinia ban abiatzen ziren. Batean Otsoko bera ere nekez kabituko zen, Bestean sartu zen Amon, Otsoko, fardela hartuta, atzetik zuela. Tximinia tentea zen eta igotzeko maila batzuk zeuden harrian landuak. Hiru bat gizonen altueraraino iritsi ziren eta han gela bat topatu zuten. Amonek zeraman garraren argitan, paretetan bisonte eta zaldiak azaldu ziren: marraztuak batzuk, zizelkatuak beste batzuk, harriak berak zituen formak erabiliaz egidakoak besteak. Garra, lurretik gora zetorren harrizko tantai baten gainean utzi zuen Amonek. Haren dantzak irudiak ere dantzarazi egiten zituen eta Otsokori bizirik zeudela iruditu zitzaion, mugitzen ari zirela.
Amon horma aztertzen hasi zen eta bisonte handienaren eskubi aldean topatu zuen bilaka zebilena. Arrautza tankerako bi tontor topatu zituen paretean. Bat Otsoko bera adinakoa zen. Bestea berriz, aurrekoaren erdia. Bietatik haundiena aukeratu zuen Amonek:
–Honekintxe egingo diagu.
Otsokoren eskuetatik fardela hartu eta, desegin ondoren, bertako ontziak antolatzen hasi zen. Kolore ezberdinetako margoak zeuden ontzi haietan. Behatzekin margo gorria hartu eta tontorraren ingurua gorriz margotu zuen. Ondoren margo beltzarekin ile moduko batzuk marraztu zituen tontorraren inguruan. Eta azkenik, margo marroiarekin, tontorraren azpiko aldean, marrazten ari zen alu erraldoiaren sarrera osatu zuen, Otsokoren begiradapean.
Tximinian gora Otzanen garrasi itzalia iritsi zitzaien.
–Itzuli egin behar diagu –esan zion Amonek Otsokori–. Hi aurretik oraingoan. Eta ez geratu nere zai. Ilunpean moldatuko haiz, ezta?
Baietz egin zuen buruarekin Otsokok. Eta tximinian behera ezkutatu zen. Amonek sakon arnas hartu zuen eta bere atzetik abiatu zen, argia hartuta.
Otsoko haitzulo nagusira iritsi zenean, Ama eta Otzan honek besoetan zuen haur jaio berriari ikusi zituen. Baita haitzuloaren sarreran bi begi pareren distira ere. Sutatik adar bat hartu eta piztia parea aizkatu ondoren egur gehiago bota zuen sutara, honek berriz ere indarra har zezan. Amak esker oneko begirada bat bota zion.
–Nere mutikoa –esan zuen ahopean.
Amon haitzuloan arnasestuka azaldu zen unean, Otzanek Amari eman zion haurra eta beste garrasi batekin pikotxean jarri zen berriz ere.
–Beste bat dator! –esan zuen Amonek–. Hoa, Otsoko, hoa! Beste alu bat marraztu behar duk! Tontor txikian! Ulertu al duk?
Baietz egin zuen Otsokok buruarekin. Amonen argia hartu eta tximinian gora joan zen ziztuan.
–Korri, mutikoa! –oihu egin zion Amonek, haurraren negarrak eta Otzanen garrasien gainetik.
Berehala utzi zuen atzean zaldiak eta bi gizonen ganbara eta bigarren tximinian gora margoen gelara iritsi zen. Otsoren margoak han zeuden oraindik lurrean Amonek utzi bezala. Tontor txikia topatu zuen eta Amoni ikusi bezala bigarren alu eder bat marraztu zuen. Amonena baino txikiagoa, baina alua azken batean. Bukatu zuen unean, berriz ere Otzanen garrasi bat iritsi zitzaion tximinian gora.
Ontziak berriz ere larruzko fardelean sartu, argia hartu eta haitzulo nagusira joan zen bueltan, bere lanari azken begirada bat bota ondoren.
Ama eta Otzanek ume bana zuten besoetan: mutikoa Amak eta neska Otzanek. Zanga-zanga bularra hartzen ari zen neska. Denak pozik zeuden irrifarrez. Amonek musu bat eman zion Otsokori buruan. Kobazulotik kanpora gaua nagusi zen. Otso baten ulua entzun zen eta Otsoko berriz ere sua bizitzera joan zen. Atzera arrebari begiratu zion. Otzan ez zen gehiago Antzu.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.