Categorías
Sin categoría

24 orduak euskaraz

1976ko martxoaren 27an Donostiako Anoeta belodromoan euskararen aldeko jaialdi bat ospatu zen Donostiako Herri Irratiak eta Loiolako Herri Irratiak antolatuta, hogeitalau ordutan zehar. Attak, jaialdi haren zati bat, Xabier Leteren ekitaldia, irratitik grabatu zuen Waldemarrek alemaniatik ekarritako Saba radiokasetean.

Orain dela bost urte, nik hainbestetan (gaur azkeneko aldiz) entzun dudan grabazioa noizbait desagertzea pena izango zela pentsatuta, digitalizatzea pentsatu nuen. Ordenagailura pasa eta argazki eta textu batzuk jarrita Youtubera igo nuen. Hemen duzue.

Orduan idatzi nuen bideoaren deskribapenean Joxe Lizarraldek Zeruko Argian idatzitako kronikara esteka ere jarri nuen (Argiaren webgunean zegoen), baina gaur probatu dudanean ez zebilen eta ez naiz gai izan Argiaren webguneko beste helbideren batean dokumentua aurkitzeko. Beraz, arkeologia pixka bat eginaz, 1976ko apirilaren 11ean argitaratu zen Zeruko Argiaren zenbakia pdf formatuan aurkitu dut eta hementxe utziko dut, norbaitek egunen batean beharko balu ere eskura edukitzeko.